Garbiñe Etxaniz

Osasun holistikoan eta makrobiotikan Aholkulari-Laguntzailea

Artikuluak

Aske bizi

ASKE BIZI

 

Urte hasiera bakoitzarekin ohikoa izaten da atzera eta aurrera begira jartzea. Atzera begira jarri eta errepaso egiten dugu, bukatu berri den urteko gertaera garrantzitsuenen argazkiak bata bestearen atzetik ikusten ditugu: arima ukitu diguten pertsonak, seme-alabekin bizitako momentuak, ikasitakoak, ezkutuan gordetakoak, haserreak, adiskidetzeak, tristurak, pozak??.argazki bakoitzarekin barruak mugitzen dizkiguten sentimentuak, emozioak.

Emozioz ari garela, nor hausartzen da munduaren aurrean sentikortasun osoz agertzen? Kalkutako ama Teresaren esaldi bat datorkit gogora: ?zintzotasunak eta gardentasunak zaurgarri egiten zaituzte. Edozein eratara, izan zaitez beti zintzoa, eta beti gardena?. Ez dut uste hori denik modan dagoena, haurrak garenetik korazak eraikitzen baititugu mundutik babesteko.

Orain dela bi urte entzun nuen lehenengo aldiz gihar-korazari buruz hitz egiten, eta baita kontzeptu horren sortzaile Wilhelm Reich psikoanalistaren izena ere. Oso gauza interesgarriak esaten ditu; izaeraren arabera, gihar-koraza jakin batzuk sortzen omen ditugu. Izaera bakoitzak barneratuago ditu blokeo emozional batzuk eta horren arabera sortzen dira era askotako gihar-blokeoak. Izaera bakoitzak kontraktura batzuk izaten ditu, ?min? batzuk, arnasa hartzeko zailtasunak?..guztiak desberdinak. Reich-ek zazpi koraza sailkatu zituen:

1-Begitako koraza

Begiradaren bidez oinarrizko emozioak adierazten ditugu: amorrua, poza, tristura, beldurra?.pertsona blokeatua dagoenean eta bere egoera emozio horietako batean finkatua geratzen denean, emozio hori bera begiradan iltzatua geratzen da, izoztua. Begitako blokeoak lotuta daude garondoko gihar sakonekin, horregatik, tentsioak begietatik garondora, eta alderantziz, mugi daitezke.

2-Ahoko koraza

Segmentu horren bidez adierazten dira edo eusten zaie mendekotasunarekin, amorruarekin eta tristurarekin lotutako emozioei.

 Amorrua eta tristura inoiz adierazten ez direnean, egoera emozional horiek murtxikatze-muskuluetan geratzen dira blokeatuta, eta horregatik muskulu horiek ikutzean, minbera daudela konturatzen gara, gogortuta eta tentsio handiarekin.

3-Zerbikaletako gihar-koraza

Norberaren emozioak eta, orokorrean, mundua, neurriz gain kontrolatzeko beharrarekin dago lotuta segmentu horretako blokeoa. Gure barne munduan zein kanpoko munduan sor daitezkeen ustekabeen aurrean defentsa jarrera bat izateko beharrarekin dago lotua.

4-Toraxeko gihar-koraza

Kanpoko munduarekin lotuta sortzen zaizkigun emozioak sentitzen ditugu toraxean. Toraxaren funtzioa da emozio horiekin harremanean jartzea eta adieraztea. Baina funtzio hori oztopatzen denean, arnasa oso azalekoa bihurtzen da eta airea mugitzeko gaitasuna txikia izaten da. Oxigenazioa gutxitzean emozioen intentsitatea txikiagoa da, eta baita horiek antzeman eta adierazteko beharra ere.

5- Diafragmako gihar-koraza

Diafragmaren tentsio kronikoak asko zailtzen du toraxaren eta urdailaren arteko lotura, sentimentuen eta beharrak antzemateko gaitasunaren artekoa alegia. Gorputzaren goiko eta beheko aldeetako lotura energetiko guztiek diafragma zeharkatu behar dute, eta horregatik, segmentu hori blokeatuta dagoenean, pelbisetik datorren edozein mugimendu energetikok espasmoak eragin ditzake gorputz guztian, eta larritasun sentsazioa ere izan daiteke.

6- Sabeleko gihar-koraza

Sabelaldean esperimentatzen eta sentitzen ditugu gure oinarrizko behar biologikoak eta besteengandik datozen kontaktu emozionalak, gure oinarrizko elikadura emozionala. Segmentu hau blokeatuta dagoenean zailtasunak izaten ditugu gure beharrak antzemateko eta baita ere besteen afektu eta beharrak.

7-Pelbiseko gihar-koraza

Segmentu hori blokeatuta dagoenean pertsonak zailtasunak izaten ditu besteei modu natural eta askean emateko, edo bere buruari emateko. Nork bere buruarekiko segurtasunean nabarmen eragiten du.

Asmo berrien zakua betetzen dugun urte sasoi honetan, besteen aurrean garen bezalakoak azaltzeko saiakera egin dezakegu, zintzo eta garden, blokeoei geroz eta leku gutxiago utziz. Gure bihotza askea da, esaten digunari kasu egiteko ausardia landu behar dugu.